Ilargiaren Eragina
Ilbehera:
Landatzeko edo aldatzeko sasoi egokiena. Sustraiak indartzen ditu eta ez da garaiz loratzen.
Ilgora:
Hostoak hazteko balio du, baina lorea goizegi ateratzea ekar dezake.
Allium porrum L.
Porrua
Isuri Atlantikoko Biztanle Fidela
Ikuspuntu botanikotik, porrua zurtoin zilindrikoko barazkia da, bere hosto luze eta lantzeolatuen oinarriak elkarren gainean bilduta edo karkaxatan osatzen dena. Ez du tipulak bezalako erraboila edo buru biribilik egiten; aitzitik, hostoen azpialde horretan pilatzen ditu erreserbak. Zati hori, lurreztatu eta argia kenduz, zuritu egiten dugu dasta finagoa izan dezan.
Porrua gure isuri atlantikoko lurretako barazki peto-petoa eta biztanlerik fidelenetakoa da. Baratxuriak eta tipulak euriari beldurra dioten bitartean, porrua dotore hazten da gure lur fresko eta sakonetan. Neguko paisaian, baratzearen gainerakoak lo dagoenean, porru sailek "urdinezko olatuen itsasoak" osatzen dituzte. Gure lurretan bi mila urte baino gehiagoko historia duen laborantza da, eta baserritarra hotz eta hezetasun egun luzeen ostean suspertzen duen porrusaldaren oinarri-oinarrizko osagaia.
Kondairak dioenez, Egipton hain zen sakratua porrua, ezen haren izenean zin egitea edo biraoka aritzea jainko baten izenean egitearen parekoa baitzen. Gurean, aldiz, norbait bakean uzteko nahi dugunean "porruak landatzera" bidaltzen dugu, gehiago kantsatu ez gaitzan.
Ohar teknikoa: Landarea aldatzerakoan hosto luzeak baditu eta lurrean arrastaka geratuko badira, komeni da apur bat moztea. Era berean, sustraiak ere pixka bat moztea gomendatzen da; horrek landareari "itsasteko grina" pizten dio eta lurrean hobeto heltzen laguntzen du.
Lanen Urteko Zikloa
Uzta
Erein babesean
Landaketa/Aldaketa
"San Pedroetan, baratxuria kanpora eta porrua barrura"
Herri-jakintza
Gure nagusien aholkuakZaintzak eta Ingurunea
Lagun onak
Azenarioa (usainak harra uxatzen du), Tomatea, Marrubia, Tipula, Apioa.
Bizilagun txarrak
Zerba, Erremolatxa, Babarruna, Ilarra.
Ohiko izurriteak
Porru-harra (Acrolepiopsis assectella), Tipularen eulia, Herdoila